Zure elkarrizketa prestatzeko, jarraitu ondorengo urratsak:
Elkarrizketa aurretik:
- Pentsatu
elkarrizketaren gaia, hautatu elkarrizketatua izango den pertsona edo
pertsonaia eta berarekin hitzordua adostu.
- Pentsatu duzun
gaiak eskatzen dituen kontzeptuak, informazioa, etab. ondo menderatu. Zein
galdera mota egin daitekeen jakiteko gaia
aurrez ezagutu egin behar da.
- Aurrez garbi eduki
zein den asmoa. Zer lortu nahi da?
Prestatutako eskema egokia al da? Galderak ondo pentsatutakoak al dira?
- Aukeratutako pertsona edo pertsonaiari buruzko ahalik eta informaziorik gehien bildu:
nortasuna, zaletasunak, noiztik dabilen horretan…
- Ahal bada, beti ere
galdera irekiak egin (erantzun zabala eskatzen dutenak, alegia); galdera
itxiak (bai/ez baino beste aukerarik ematen ez dutenak) saihestu.
- Elkarrizketatuak
argi jakin behar ditu elkarrizketaren helburuak, asmoak eta egitekoak.
- Hasieran urduri
samar egon daitekeenez, ez ibili presaka. Ezinbestekoa da konfiantza-giroan aritzea.
- Galderak egokitzen jakin.
Euskalkiaren arazoak egon daitezke: elkarrizketatua mintzo den euskalkira
egokitzen saiatu. Ulermen-mailako arazoak ere gerta daitezke; hala bada,
galdera bera modu errazagoan egiten ahalegindu.
Elkarrizketan zehar:
- Elkarrizketatuari
elkarrizketa grabagailuz (edo bideoz) jasotzeko baimena eskatu.
- Elkarrizketarekin
hasi. Gogoratu atal guztiak: sarrera, galde-sortak eta amaiera (ikus eskema). Bestalde, elkarrizketan
zehar ezinbestekoa da ondorengoak zaintzea:
- Kortesia:
- Solaskideari ez
inposatu inoiz zure asmo, uste edo iritzirik.
- Beti ere, aukerak
eskaini; ez dezala bere burua ergeltzat har.
- Ahalegindu gustura
egon dadin.
- Arretaz entzun
solaskideak dioena.
- Elkarrizketan oso
ongi datozen esaldi batzuk:
- Atrebentzia ez
bada…
- Galdera txarra da,
baina…
- Parte-hartze
alternatiboa. Ez da komeni elkarrizketatuak bukatu baino lehenago
elkarrizketatzaileak hitz egiten hastea. Parte-hartzeak alternantzia-sistema
eskatzen du eta, agidanez, modu honetako era binarioan: galdera-erantzuna;
agurra-agurra; eskaintza-onarpena…
- Komunikazio
ez-berbala (hitzez gaindiko komunikazioa): buruari gora eta behera eragitea,
irribarrea, begi-keinua…
- Elementu
prosodikoak (bolumena, erritmoa, intonazioa…) eta elementu estralinguistikoak (gorputzaren kodea,
begirada, aurpegiaren espresioa, kanpoko itxura…).
- Elkarrizketaren hariari jarraitu. Baliteke
elkarrizketaren joan-etorrian eta elkarrizketatuaren erantzunen baten ondoren,
prestatuta daramazun hurrenkera aldatu eta elkarrizketatuaren erantzunei
jarraipen inprobisatu bat eman behar izatea. Adi puntu honekin: guztiz pobrea
gelditzen da elkarrizketatuak bere erantzunekin gidoian ez duzun galderaren bat
egiteko atea irekitzen badizu, ate hori besterik gabe ixtea. Errekurtsorik
gabeko elkarrizketatzaile moduan geldituko zara. Saiatu egokitzen, beraz, elkarrizketaren
bilakaerari. Dena den, ez gehiegi urrundu prestatua duzun hurrenkeratik,
galtzeko arriskua ere izan baitezakezu.
- Tonu desegokia erabili: ozenegi edo baxuegi
hitz egin.
- Zakar erantzun.
- Beti kontra egin.
- Elkarrizketatuari aldi oro hitza kendu.
- Gustu txarreko esamoldeak erabili.
- Makulu-hitz edo esaera gehiegi erabili.
- Azkarregi edo mantsoegi hitz egin.
- Jarrera defentsiboan egon.
Elkarrizketa ondoren:
- Elkarrizketa ordenagailura
pasatu eta euskara batuan jarri (grabagailuz jasota badago, edozein zalantzaren
aurrean bertara jo).
- Elkarrizketari
titulua ipini. Atal hau oso garrantzitsua da; izan ere, aurren-aurrena tituluak
irakurtzen baitira. Eta, askotan, tituluak baino ez.
- Elkarrizketaren
sarrera prestatu (elkarrizketan bertan erabilitakoa izan daiteke edota
elkarrizketa ondoren moldatutakoa).
- Elkarrizketan
txertatuko dituzun baliabide gehigarriak prestatu (argazkiak, estekak,
entzumenak, bideoak…)
- Ondorio edo amaiera
paragrafo bat idatzi. Paragrafo honetan elkarrizketan esandakoari buruzko
ondorioak atera ditzakezu edota ideia nagusiak laburbildu.
- Errepasatu eta
zuzendu, beharrezkoa bada, azken emaitza.
- Autoebaluazioa
egin. Hausnartu egindako lanaz. Gustura gelditu zara? Hausnarketa egin ondoren,
zerbait aldatuko zenuke?
- Hausnarketa
ondorengo aldaketak egin.
Zure elkarrizketa prestatzen hasi aurretik jo
ondorengo guneetara. Lehenengo lau esteketan hainbat pertsonaiari
egindako elkarrizketak topatuko dituzu; hurrengoak, aldiz, elkarrizketa-guneak
dira. Bertan, mota ezberdinetako elkarrizketa ugari irakurtzeko aukera izateaz
gain, zurea atontzeko baliagarriak diren ideiak ateratzeko parada ere izango
duzu. Arreta berezia ipini elkarrizketa horien galdera mota eta egituran.